Ikastolen VII. batzarra prestatzen

Ikastolen VII. Batzarra prestatzeko lanetan bidelagun dabil Ibaizabal Ikastola

 

Gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskaerak aztertu eta haiei erantzuteko, hezkuntza-sisteman erreferente izaten eta gizartean eragiten jarraitzeko eta biharko munduan ikastolak egoki kokatzeko egingo duten VII. Batzarra prestatzen hasi dira Ikastolen Elkartea eta ikastolak. Hurrengo hamarkadan eman beharreko urratsak aztertu eta erabakiak hartuko dituzte hainbat urtean behin egiten den biltzar handi horretan.

Batzarra prestatzeko lehenengo urratsa barne-dokumentu bat idaztea izan da. Bertan, azken hamar urteotako errepasoa egin da, egungo egoera azaldu da, eta etorkizunerako aurreikuspena ere egin da. Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Kontseiluak osatu du dokumentua, eta berau eskualdez eskualde aurkezteari ekin dio. Durangon egindako aurkezpenean Ibaizabal Ikastolako Artezkaritza-kontseiluko kideek eta Zuzendaritza-taldekoek hartu dute parte.

Eskualdekako aurkezpen-bilera hauek martxoaren 31ra bitartean izango dira; astean hiru egingo dira. Ondoren, ikastolek epe bat izango dugu barne-dokumentua aztertu, eztabaidatu eta proposamenak eta ekarpenak egiteko. Guztiak bilduta, plan estrategikoa diseinatzeari ekingo zaio. Prozesua Ikastolen VII. Batzarra egiten denean amaituko da.

Eztabaida edo gogoeta prozesu hau arrakastatsua izan dadin, ikastolen mugimenduaren parte-hartze zabala gakoa izango da, eta Ikastoletako komunitatearen inplikazioa bilatu nahi da. Horretarako, eskualdekako bilerez gain, ikastola bakoitzari dinamizatzaile bat izendatzeko eskatu zaio, ikastola barruan egingo den gogoeta-prozesuaren bideratzailea izan dadin. Ibaizabal Ikastolak izendatua du bere solaskidea dagoeneko. Dena den, Ibaizabal Ikastola osatzen dugun komunitate osoa zipriztintzea bilatzen duen prozesua da honakoa. Hortaz, dinamika aberasgarri honetan parte hartu nahi izanez gero, ez zalantzarik izan, eta jarri harremanetan Ibaizabal Ikastolako zuzendaritzarekin. Emaitzak mereziko du.

Epe jakinik ez da ezarri Batzarra egiteko, ikastolen barruan eta ikastolen artean gogoetari eta ekarpenak egiteari lehentasuna eman zaiolako. Dena den, Batzarra hurrengo ikasturtearen amaiera-aldera egitea aurreikusi da. Guztiok elkarrekin jardunda, arrakastaren bideari segiko diote Ikastolek.