BAZKIDEEN BATZARRAK IBAIZABAL IKASTOLAREN KALITATEA BERRETSI DU

Abenduaren 12an egin zen Bazkideen Batzar Orokorrak 2018/2019 ikasturtearen balorazioa eta 2019/2020aren kudeaketa-plana onartu zituen, bi kasuetan informazio ekonomikoa ere barne hartuta.

Emaitza akademiko bikainak dituzte Ibaizabal Ikastolako ikasleek. Ikastolan ikasleei egiten zaien gertuko jarraipenaren ondorio da hori. Errefortzu-saioek, tutoretzek,  orientazio-zerbitzuak eta Unibertsitatera Sartzeko Proba prestatzeko ematen den laguntzak zeresana dute horretan, gainera. Langile-talde kualifikatu eta konprometitua ezinbestekoa da, eta handia da Ikastolak langileen trebakuntzan egiten duen ahalegina. Ahaztu gabe metodologia -Ikaskidetza, eleaniztasuna, jasangarritasuna, IKTak, diziplinartekotasuna...-. Aldi berean, sormenerako eta motibaziorako aproposa izango den ingurunea eraikitzeko saiakera egiten da, ikasleek gustura ikasteak berebiziko garrantzia baitu: antzerki-tailerrak, eskola-orduez kanpoko irteerek, aisialdi-ekintzek eta Errota zerbitzuek (tabernak, ostatuak, kirol-eskaintzak...) horretan laguntzen dute. Horiek guztiek Batzarraren aitortza jaso zuten.

Ikastolaren Estatutuek jaso modura deitu eta egindako Batzarra arratsaldeko 7etan hasi zen. Kepa Zengotitabengoa lehendakariaren agur-hitzen ondoren, Iker Gómez de Segura zuzendariak bideratu zituen gai-zerrendan jasotako gainerako puntuak. Hasteko, 2018-19 ikasturteko kudeaketa aztertu zen eta urteko kontuak onartu ziren. Ikastolaren ildo estrategiko/pedagogikoak aletu ziren, xehetasunez. Ekitaldiko emaitzaren egozketa ere ontzat eman zuten bilerara bertaratutakoek. 2019-20 ikasturteko Kudeaketa Plana, aurrekontu ekonomikoa eta kuoten proposamena azaldu eta gero, horiek guztiak ere aurrera irten ziren, gehiengo handiz. Diru-kontuen kanpo-ikuskaritza independenteak egiaztatu du kudeaketa ekonomikoaren zuzentasuna, beste urte batez. Bazkideen galderei eta eskaerei erantzunda eman zitzaion bukaera bilerari. Ibaizabal Ikastolaren sortzaile eta bazkide diren 5 ikastolak ere ordezkatuta egon ziren bertan: Txintxirri, Kurutziaga, Zubi Zahar, Azkue eta Andramari.

Batzarraren akta Koldo Arresek eta Asier Isasik berretsi eta sinatuko dute, eta Ikuskaritza-batzordea María Aldazabalek, Mikel Ugaldek eta Eli Goenagak osatuko dute. Artezkaritza-batzordean partaide izan nahiko luketen bazkideek (Batxilergoko ikasleen gurasoek edota tutoreek, nahiz Lanbide-heziketako ikasle adin nagusiek eurek), horretarako aukera dute. Batzarrean onartutako dokumentazioaren txostena bazkide guztiei bidali zaie.